Aurten ere, beste urte batez jarraian, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Tradizio historikoa duen ekitaldi bat da. Euskararen Egunerako lehen aldarrikapenek, Errepublikako garaian sortu eta Gerra Zibilean jarraipena izan zuten. 1995an, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak erakundetu zuten Euskararen Eguna eta abenduaren 3an finkatu zen ospakizun data.
Euskararen Egunaren funts historikoa, izaera unibertsalago eta internazionalago batez jantzi behar dugu. 1978ko Konstituzioari, 1979ko Estatutuari eta 1982ko Euskararen Erabileraren Normalizazioari buruzko oinarrizko Legeari esker, izaera hori gorpuzten joan da, euskaraz hitz egiten zen tokietan hizkuntzaren erabileraren normalkuntza gertatu baita, eta, halaber, euskaraz hitz egiten ez zen tokietan hizkuntza hedatu delako. Gogorarazi behar da aurrerapausu hauek alderdi politiko eta eragile sozialen adostasun zabalik gabe ez zirela suertatuko. Eta euskararen geroko araubidetzea ahalbidetu duten oinarrizko euskal legeek, sozialisten babesa izan dute betiere.
Onartu behar dugu, ordea, euskarak, endangered languages multzo zabalaren kide nabarmenetako bat izaten jarraitzen duela. Arrazoi honengatik, hizkuntz gutxituen hiztunek, Europaren alde egin behar dugu halabeharrez, hizkuntzen biziraupen eta sustatzearen berme-esparru bihurtzen zaigulako. Hizkuntzen ikuspuntutik gauzatzeke dagoen Europa horretan, eskualdeetako hizkuntzak, pertsona eta herriak batzeko lokarri gisa erabiliak izango dira, aipatu hizkuntzen hiztunak elebidun edota hirueledun baitira gehienetan. Dena dela, eleaniztasunak, gure elkarbizitza demokratikoan eta gizarte kohesioan eragin baikorra izan dezake, eta, zentzu honetan, lan egin behar dugu herritar eleanitzak lortzearren.
Herri txikiek, guztion artean hezurmamitzen ari garen Europa eleanitzan funtzio garrantzitsu bat betetzen dute. Hau dela eta, Eusko Legebiltzarrean, joan den 2014ko azaroaren 28an, irakurritako adierazpenean esaten den legez, hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi badugu, ezinbestekoa da euskara zaindu eta sustatzea. Euskara ere, dibertsitateak batzen duen Europaren ordezkari dugu.
Deja un comentario